
2006-03-06 | 19:07:27
Gizartea
Txaramako kultur eta osasun gune berria inauguratu dute
Sendagilearen kontsulta, gizarte laguntzailearen bulegoa eta balioanitzeko gela izango ditu guneak; aurrera begira bertan ludoteka jartzeko asmoa du Udalak
Garai bateko eskola zenaren eraikinean dago kokaturik gune berria, eta 3 gelaz hornitua dago. 180.000 euroko aurrekontua izan dute egokitze lanek, Udalak jarri du gehiengoa, eta Aldundiak, Jaurlaritzak eta Kutxak ere lagundu dute.
Atzo inauguratu zuten Txaramako kultur eta osasun gune berria. Aurrerantzean, beraz, mediku kontsulta, gizarte eragilearen bulegoa eta balioanitzeko gela bilduko ditu guneak.
Aurkezpen ekitaldian izan ziren Jose Kruz Goņi Leaburu-Txaramako alkatea, Amalia Adurriaga kultur zinegotzia, Roman Ganzarain herriko sendagilea eta hainbat herritar. Herriko dantzariek eskainitako dantza saioarekin ekin zioten ekitaldiari, eta ondoren, Goņi alkateak hartu zuen hitza. Gune berriak dituen ezaugarriak azaldu zituen, eta herritarrak erabilera ematera animatu zituen; «lehen bezala, aurrerantzean ere, auzoko zentroa izatea nahi dugu, beraz, medikuaren kontsulta eta gizarte laguntzailearen bulegoa erabiltzeaz gain, balioanitzeko gelan auzokideak bildu eta kultur jarduerak egitea da helburua». Alkateak hitz egin ostean, ekitaldian bildu zirenek eraikina ikusteko aukera izan zuten, eta ondoren lunch-a egin zuten.
Garai bateko eskola zenaren eraikinean dago kokaturik gune berria, eta 3 gelaz hornitua dago; sendagilearen kontsultan, asteartero izango da medikua, eta gizarte laguntzailea, berriz, asteazkenero izango da bere bulegoan. Hirugarren gelan ekintza kulturalak antolatuko dituzte. Bestalde, 180.000 euroko aurrekontua izan dute egokitze lanek; Udalak jarri du gehiengoa, eta Aldundiak, Jaurlaritzak eta Kutxak ere lagundu dute.
Ludoteka ere bertan
Aurrera begira, ludoteka jartzeko asmoa dutela azaldu du Udalak. Izan ere, orain arte, Leaburuko gazte gelan egiten zuten ludoteka, baina orain balioanitzeko gela erabili ahalko dutela Txaraman ere zerbitzu hori eskaintzeko adierazi dute.
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.