Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Leaburu
2008ko abenduak 1, Astelehena

;2008-06-27;´Garestia ez da zaldia erostea, hura mantentzea baizik». Leaburu Zaldi Eguna izango dute bihar Leaburun San Pedro jaien barruan; antolaketa lanetan ari den zaldizko gaztearen ibilbidea eta iritziak jaso ditugu hemen. JON FERNANDEZ DE ANTONA õ . Zaldizkoa eta Zaldi Egunaren antolatzailea

jon fernandez de antonA ðZaldizkoa eta Zaldi Egunaren antolatzailea

«Garestia ez da zaldia erostea, hura mantentzea baizik»

Leaburu Zaldi Eguna izango dute bihar Leaburun San Pedro jaien barruan; antolaketa lanetan ari den zaldizko gaztearen ibilbidea eta iritziak jaso ditugu hemen.

joxemi saizar

Jon Fernandez de Antona (Leaburu, 1988) duela gutxi sartu da zaldiaren munduan, baina gogotsu ari da raid-etan (mendiko lasterketak) parte hartzen bere behorrarekin eta biharko Zaldi Eguna aritu da prestatzen herriko gazteekin batera. Gure eskualdean afizio handia ari dela sartzen dio.

Nola pentsatu duzue Zaldi Eguna antolatzea?

Festa pixka bat jartzeko herrian, jaiak direla eta.

Zer izango da?

Hiru orduko zaldi ibilaldia egingo dugu Berastegi aldera, Uli ingurura eta Gaztelutik barrena, pausoan, mantso. Gero bazkaria, perratze erakustaldia (doma naturala eta western), hazitarako zaldia herrikoei eta kanpokoei erakutsi, gero zaldia eta astoaren arteko apustua, zaldiak 900 kiloko harria eta astoak 550 kilokoarekin, eta bukatzeko parrandarako aukera ere izango da.

Nondik etorriko da jendea?

Itziartik, Leitzatik, Alegitik, Oiartzun aldetik... etortzekoak dira.

Noiz hasi zinen mundu honetan?

Duela bi urte. Lehen moto krosean ibiltzen nintzen eta motoa moxal baten truke aldatu nuen. Lehengusuak soldaduska zaldien artean egin zuen. Hark erosi zuen moxala, harekin probatu, gustatu eta beste moxal bat erosi nuen. Gero hura Kordoban bizi den oriotar bati aldatu nion behor baten truke.

Nolakoa da?

Anglo-arabiarra da, ama inglesa eta aita arabiarra. Talita Kumi (Altxa haurra) du izena jaiotza kartan, baina guk Campeona deitzen diogu. Orain beste moxal bat daukat, urtebetekoa, eta zaldia ere bai. Moxala hiru urte bete arte ezin da montatu. Orduan lasterketak egiteko prestatu nahi dut. Zaldia berriz, zaharra da, hazitarako, paseatzeko erabiltzen dut. Beste zaldi bat banuen, baina hil egin zen.

Garestia al da zaldi bat?

Garestia ez da erostea, mantentzea baizik. Etxean belazeak badituzu ondo, baina hipika batean eduki behar baduzu...

Eta noiz hasi zara konpetitzen?

Raid-etan aurten hasi naiz, Urte Zaharreko juergan, zaldian ibiltzen den Leitzako Nagore Larraldek zirikatuta. Lau titulu teoriko eta lau praktiko atera behar dira konpetitzeko. Berak bazituen eta nik atera egin nituen. Nire behorrarekin atera eta bigarren proban irabazi egin zuen. Nafarroako Txapelketarako sailkatu da. Nafarroan gaude federatuta biok. Hirugarrenean nik korritu nuen eta bigarren gelditu nintzen. Nahiago dut bera ateratzea, ni berotu egiten naiz eta, pazientzia hartu eta zaldia kontrolatu behar da.

Hemen inguruan ba al da mendiko lasterketarik?

Ez, Araban eta Nafarroan bai. Uztailaren 12an Ormaiztegin aterako naiz. Etxean korritzeko kapritxoa daukat. Gipuzkoako Txapelketa izango da, besterik ez dagoelako. 40 km-ko karrerak izaten dira erdibidean kontrola izaten da: 100 pultsazio baino gehiagotan jartzen dira zaldiak, gelditu eta lasaitu behar dute 56ra jaitsi arte jarraitu ahal izateko eta albaitariek begiratu egiten diete herrenka ari diren edo deshidratatuta ote dauden edo. Edozein txorakeriagatik atzera botazen dituzte.

Zaldizkoaren pisuan ez al dute mugarik jartzen?

40 km-kotan ez, baina 80 km-tik gora bai, 70 kilo pisatzea dauka zaldizkoak, sila eta guzti, bestela beruna jartzen dizute pisu horretara iritsi arte. 80koa egiteko aurretik bi 40ko egin behar dira. Gero 120 km-koak eta 160 km-koak ere badira.

Zein adineko zaldiak izaten dira?

40koan lau urtekoak eta 80koan 6-7 urtekoak. Behorrak, zaldi zikiratuak eta zaldi osoak ateratzen dira. Zaldi osoak dira problematikoenak, behorrak ikusita asaldatu egiten direlako karrerako geldialdietan, lasaitu beharrean. Pultsazioetan errazena jaisten zaldi zikiratua izatea da, behorra ere nahiko histerikoa izaten delako. Horrekin suertea daukat, Campeona histerika da, baina pultsazioak azkar jaisten zaizkiolako.

Abaltzisketan izan berri den karreran ez al zara atera?

Ez, karrera motzak oso kaltegarriak dira zaldientzat eta arrisku handia dute.

Nola prestatzen duzu zaldia?

Ekarri nuenean oso gutxi ibilia zen, ondo domatua zegoen, baina Kordobako terrenoak desberdinak direnez denekin ikaratu egiten zen. Pazientzia hartu behar da, askotan joan mendira, pausoan ordu asko ibili. Hemen entrenatutako zaldia Arabako lautadetan oso ondo ibiltzen da.

Eta zaldizkoa?

Gu prestatzeko ariketa fisikoa egin behar dugu , zaldi gainean asko nekatzen delako, batez ere bizkarra, tentsioagatik. 120 km-ko raid-etan, zaldia gutxiago nekatzeko, zaldizkoak kilometro asko oinez egiten ditu eta horretarako prestatu egin behar du, noski.

Jende gaztea ibiltzen al da?

Denetatik ibiltzen da, baina diru asko kostatzen dela hartu behar da kontuan: auto indartsua, zaldia eramateko atoia, bidaiak urrutira, egonaldia...

Zer esango zenuke bihar jendea Leaburura joateko?

Ikuskizun polita izango da. Zaldiak erakargarriak dira eta zer ikusi izango da. Eta parranda egin nahi duenak ere izango du aukera.

############

############

Agenda

Odol ematea

Odola emateko aukera
IKAZTEGIETA, Kiroldegian - 2008-12-01

Erakusketak

'Errusiarako leihoa'
TOLOSA, Aranburu Jauregi - 2008-11-29

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.